XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erregelak (aurreskua)

Bizkaia, Araba

Jatorriz bizkaitarra den dantza hau hasiera baten san Pedroetan, ekainaren 29an egiten zen.

Gero beste jaiegun batzuetan ere egin izan da eta Arabako herri batzuetara zabaldu da.

Soka-dantza eta elizateko aurreskua izenarekin ere ezaguna zen kantu hau, gaur egun gehienek erregelak izena erabiltzen badute ere.

Dantza bost zatitan banatzen da: aurrez-aurrekoa, abarketak, erregelak edo ingurutxoa, banako zaharra eta eskasak edo zortzikoa.

Erregeletako atala era berean beste zati bitan bereizia dago: aurreskua eta atzeskua.

Bi hauek, beste dantza askoren moduan, kantatu egiten ziren.

Honek asko errezten zuen dantzarien ikasketa; entsaioetan sarri askotan txistularirik izaten ez zenez, dantzariek eurek abesten zituzten dantzen letrak.

Dantza meza nagusiaren ostean egiten zen, herriko agintariak bertan zirelarik.

Zortzi dantzari izaten ziren, euren artean aurreskularia eta atzeskularia ziren garrantzitsuenak.

Alkateak eta alkateordeak urte horretan ezkondutako emakumezkoen artean bi aukeratzen zituzten eta euren omenez egiten zen banako-zaharra.

Goizeko ekitaldia orripeko, ariñ-ariñ edo porrusalda eta biribilketarekin amaitzen zen.

Arratsaldean behin eta berriro errepikatzen zen soka-dantza, kasu honetan agintaririk gabe.

Dantzariek eurek, euretara aukeratzen zituzten ikusle zeuden nesken artean omenduko zituztenak.